XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) okertu direnean zuzentzera egiten dutenak, osasuna berrekartzera, normaletik at geratzen denari kontra egitera, halakorik gertatzen hasten denean.

Walter B. Cannon amerikar fisiologo handiak, zeini egotzi ohi zaion homeostasi hitza konotazio honekin lehen aldiz erabiltzea, omendu egin zituen Pfluger alemaniar fisiologoa, Fredericq belgiarra eta Hipokrates bera ere, kontzeptu hau jeneralizatzeagatik.

1877.ean, Pfluger-ek honela zioen: Organismo bizidun baten edozein premiaren kausa, premia hori asetzearen kausa ere bada.

Fredericq-ek, 1855.ean, beste hau esan zuen: Organismo biziduna halako entitatea da non aldatzen duen edozein eraginek berez dakarren ihardun konpentsatzailea erabiltzea, aldaketa neutraldu edo konpontzeko.

Zenbat eta gorago egin organismo bizidunen eskaileran, hainbat eta beteginagoak eta konplikatuagoak dira entitate erregulatzaile hauek.

Organismoak ingurunean gertatzen diren eragin eta aldaketa kaltegarrietatik erabat libratzera jotzen dute.

Cannon-ek aipatzen du Charles Richet fisiologo frantziarra ere; honek hauxe esan zuen: Organismo bizia egonkorra da; halakoa izan behar, inguruko indar izugarriek, kontrakoak sarri, suntsituko ez badute, disolbatu edo desegingo ez badute.

Itxuraz kontraesana bada ere, kitzikagarria bada eta ez bestela manten dezake bere egonkortasuna, eta kanpoko bultzagarrien arabera bere burua aldatzeko gai baldin bada, erantzuna bultzagarri horiei egokituz.

Nolabait esateko, modifikatu egin daitekeelako da egonkorra; ezegonkortasun xumeena da nahitaezko baldintza organismoaren benetako egonkortasunerako.

Ulerkaitza bada ere, Cannon-ek The Wisdom of the Body bere liburuaren itzulpen frantsesean bakarrik onartzen dio merezimendua Claude Bernard frantziar zientzialari ospetsuari.

Bertan, Cannon-ek honela dio: Liburu honen ideia nagusia, goi ornodunen organismoaren barne-ingurunearen egonkortasuna, Claude Bernard frantziar fisiologo ospetsuaren ideia argietan eta entelegu sakonean du oinarri zuzena.

Are esan daiteke liburu hau haren oroitzapenari egindako omenaldia dela.

Frantziar argitarapenean, Cannon-ek argitzen du Bernard izan zela lehena barne-ingurunearen egitekoa azpimarratzen, organismoan egoera egonkorrak ezarri eta mantentzeko.

Claude Bernard 1813.ean jaio zen.

Bitxia bada ere, frantsesa, latina, historia eta oinarrizko matematika ikasi zituen.

Gure bigarren mailako eskolari edo legokiokeen prestaketa-aldi hartan, ez zuen inolako harremanik izan zientziarekin.

Orduan Bernard-ek oso ideia gutxi zituen egin nahi zuenaz, eta farmazia batean hasi zen lanean, bizimodua ateratzeko.

Baliteke esperientzia hark lagundu izatea trebetasun teknikoa lortzen, baina ez zitzaion bat ere balioko izan bere zientzi garapena sustatzeko.

Izan ere, autore dramatiko gisa imajinatzen zuen bere burua, baina lantegi hartan arrakasta apala izan zuen.

Bere hiritxoan izandako arrakastak berotuta, Parisa jo zuen, ospearen eta diruaren bila, baina han lortu zuen gauzarik onena zentzuzko aholkua izan zen, antzerkiaren bidetik jarraitzearekin zerikusia zuen edozein ideia baztertzeko alegia.